miércoles, 22 de junio de 2016

ANTZERKIARI EMANAK

Antzerkiari emanak
“Aingeru ala kurriloi?”
Taldea: Doke Antzerki Taldea


Testua: Josemari Velez de Mendizabal
Zuzendaria: Vene Herrero
Antzezleak: Mariasun Pagoaga, Arantza Ezkurra, Maider Alzelay, Dorita Murgia.


Jaime Valverde
Gara, 2016-06-21

Zazpigarren obra du Doke Antzerki Taldeak bere 12 urteko ibilbidean. Zalantzarik gabe, merituzko curriculuma herri antzerkiko talde batentzat. Eta, agian, ibilbide luze horri dagokio oraingoan aurkezten duten obra honekin erabat aldendu izana herri teatroari suposatzen zaion eitetik.


Izan ere "Aingeru ala kurriloi?" lanean ez dugu topatuko publikoaren konplizitatea eta barrea bilatzen dituen ohiko tonu komiko herrikoia. Horren ordez istorio ilun eta latz bat kontatzen digute, familia barruan gerta daitekeen ezbeharren berri ematen duena.

Lehendabiziko momentutik giro klaustrofobikoa eskaintzen zaio ikusleari, bi emakume adinduren bizimodu ihartuan murgilduz. Urteetako ohikeriak eta beren arteko tirabirek bizi diren etxearen atmosfera erabat kutsatzen dute.

Ekintza dramatikoa pizten da iloba ezezagun bat agertzen denean, iraganeko gertakari desatseginak orainaldira ekarriz. Pertsonaia uherreko antzezlan honetan gauzak ez dira lehen begiratuan diruditen bezalakoak, eta gertakariak ere ez dira espero bezala kateatuko.


Jokatzean eta eszenaratzean antzerkiari dedikazio murriztua besterik eskaini ezin dioten zaleen zantzuak antzematen dira, baina aldi berean, teatroa seriotasun itzelez bizi duen artista talde baten egikera; eta batez ere, herri antzerkiaren maitasuna eta baldintzarik gabeko leialtasuna, edozein teatro sistemaren oinarria izan behar dena.

Argazkia: DAT

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada